Arnas aparatuko gaixotasunek eragindako ospitaleratzeak %12 aregotu ziren iaz

/ / Noticias
  • Laugarren ospitaleratze kausa izan ziren. Aurrenekoa, berriz, nerbio sistemako eta sentimen organoetako gaixotasunak izan ziren.

 

 

Arnas aparatuko gaixotasunengatiko 31.500 ospitaleratze izan ziren 2015ean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), urteko laugarren ospitaleratze kausa izanik (seigarrena 2014an), eta %12 gehitu ziren aurreko urtearen aldean. Gaixotasun hauen artean pneumonia nabarmendu zen, batez ere 80 urte eta gehiagokoen artean, eta bronkitis kronikoa 75-84 urte arteko gizonengan, Eustaten datuen arabera.

 

Bestalde, EAEko ospitaleetan 321.039 alta eman ziren joan den urtean, 2014an bezalatsu. Ospitaleratzeen %79 ospitale publikoetan egin ziren, %21 pribatuetan. Emakumeenak izan ziren ospitaleratzeen %51, eta gizonenak %49. Edonola ere, erditzea eta haurduntza kontuan hartu gabe, gizonenak izan ziren %53.

 

Gainera, jendea gero eta adinduago ospitaleratzen da. Horrela, ospitaleratutakoen %47,6k 65 urte edo gehiago zuen (2014an, %46,5ek), eta haien arteko %41,1ek 80 urte edo gehiago (kolektibo hau bikoiztu egin da azken 15 urteetan).

 

 

Heriotzak ospitaleetan 7.949 izan ziren 2015ean, aurreko urtean baino %8,3 gehiago.

 

 

Gaixotasunen sailkapen normalizatuaren arabera, nerbio sistemako eta sentimen organoetako gaixotasunak aurren izan ziren ospitaleratzeetan (%13,8), begi lausoagatik gehienbat (24.766 kasu). Ondoren zeuden digestiboaren gaixotasunak (%11,7), zirkulazio sistemarenak (%11,7), arnas sistemarenak (%8,8), osteomuskularrak (%9) eta tumoreak (%8,8).

 

Emakumeen artean, haurduntza, erditze eta erdiberriaroagatiko kasuak beheraka joan ziren berriz ere (-%2,5), eta bigarren kausa izan ziren (%13,5), nerbio sistema eta sentimen organoen atzetik (%15,2); azken hauek batez ere 70 urte eta gehiagokoei eragin zieten.

 

Gizonak gehienbat aparatu digestiboagatik (%14, batez ere iztai etena) eta zirkulazio aparatuagatik (%13,6, gutxiegitasun eta arritmia kardiakoak, batez ere 80 urte eta gehiagokoen artean) ospitaleratu zituzten.

 

Heriotzak ospitaleetan 7.949 izan ziren 2015ean, aurreko urtean baino %8,3 gehiago. Heriotza eragile nagusiak, zirkulazio sistemaren gaixotasunak eta tumoreak (%43) eta arnas aparatukoak (%16,7 gehiago aurreko urtekoen aldean) izan ziren.

 

Ospitaleko batez besteko egonaldia 5,7 egun izan zen 2015ean. Egonaldirik luzeena buru nahasteek eragin zuten (13,2 egun batez beste), eta ondoren jaiotza ingurukoek (10,9), gaixotasun infekziosoek (8,8) eta tumoreek (7,3).

 

DIARIO VASCO

SUBIR