ZERK DISTRAITZEN DITU BATIK BAT AUTO-GIDARIAK?

/ / Noticias
  • Gidatzen doazela telefono adimentsua eta internet erabiltzeko ohitura dutela onartu dute EAEko gidarien %67k.

 

 

Zerk distraitzen ditu batik bat auto-gidariak?

 

 

Argiak edota haizetako-garbigailua piztu eta itzali; zigarro bat piztu eta, noski, itzali; leihoak ireki eta itxi; irratia piztu, katea aurkitu, bolumena igo; gordetegia arakatu eguzkitako betaurrekoen edo mukizapi baten bila; betaurrekoak jantzi edo mukiak kendu… Auto bat gidatzen ari garenean, are gehiago bakarrik bagoaz, laguntzailerik gabe, oso ugariak dira gidatzetik distraitzen gaituzten jarduera eta mugimenduak. Ibilgailua maneiatzearekin zerikusia dute batzuk, beste batzuk gure oinarrizko beharrekin, eta badira halaber azken urteetan sortu eta hedatu diren ‘distrakzio teknologikoak’. Horiexek dira, hain zuzen, arriskugarrienak, ez baitago ahazterik distrakzioek eragiten dutela trafiko istripuen portzentaje handi bat.

 

RACEk, BPk eta Castrolek egindako ikerketa batek distrakzioa dakarten akzio eta manipulazio horiek guztiak aztertu ditu. Azterketak ndorioztatu du gidari batek, batez beste, horrelako sei operazio egiten dituela bidaia bakoitzeko eta, horrenbestez, sei bider uzten diola arreta osoa esku artean duen bolantean jartzeari.

 

Ohikoenak autoa eramatearekin zerikusia dutenak dira. Hala, EAEko gidarien ia denek (%90tik %96ra bitartekoak dira portzentajeak) erantzun dute martxan doazela manipulatzen dituztela argiak, garbigailuak, irratia edo mp3-a eta aire egokitua. Kasu askotan ia mekanikoak diren akzio horiek ez dute gehiegi distraitzen gidaria.

 

Badago bigarren eragiketa sorta bat gehiago distraitzen duena, arreta handiagoa eskatzen duelako. Multzo horretan sailkatu dituzte, esate baterako, atzerako ispiluen edo eserlekuen erregulazioa edota GPS nabigatzailearen erabilera. EAEko gidarien artean, %40k egokitzen dituzte ispiluak martxan, %25ek aldatzen du eserlekuaren posizioa eta %30k erabiltzen du nabigatzailea.

 

Distrakzio arriskutsuenak, ordea, berrienak dira, distrakzio teknologikoak. Esan bezala, lehen multzoko operazioak mekanikoak dira gehienbat, eta eskarmentu pixka bat duen edozein gidarik ia konturatu gabe burutzen ditu. Bigarren multzokoek arreta gehixeago eskatzen dute, prezisioa behar dutelako, eta horregatik dakarte arrisku handiagoa. Urrats bat harago doaz hirugarren multzoko distrakzioak, arreta ez ezik erantzuna ere eskatzen baitute. Arrisku gorena hiru akziori esleitu diete: guanteran gauzak bilatzeari, internet kontsultatzeari eta gailu desberdinak sinkronizatzen saiatzeari (bluetooth bidez nagusiki).

 

Aurrenekoak teknologikotik ez du batere, baina begiak errepidetik apartatzea eskatzen duenez, oso arrikutsua izan daiteke. Eta, EAEn, gidarien %56k aitortzen du inoiz egin duela horrelakorik. Interneten ibiltzeari dagokionez, %67k dute ohitura hori, eta %50k autoa martxan dagoela burutzen dituzte sinkronizatze lanak.

DIARIO VASCO

SUBIR