BIHOTZ-HODIETAKO OSASUNA: BIHOTZAK HILTZEN GAITU

/ / Noticias
  • Zirkulazio sistemako gaixotasunen ondorioz hiltzen dira hamar pertsonatatik hiru, eta horixe da, hain zuzen, heriotza gehien eragiten duen arrazoia Espainiako Estatuan.

 

Bihotz-hodietako gaixotasunek eragiten dute heriotza gehien Espainiako Estatuan eta mundu guztian. Zirkulazio istripuek baino 65 aldiz jende gehiago hiltzen dute, Espainiako Kardiologia Elkartearen arabera (SEC).

Garrantzitsua da garai honetan datu hori oroitaraztea, maiatzean egiten baita Hipertentsioaren Mundu Eguna, eta, hain zuzen, hipertentsioa da gure bihotzaren osasuna eta zirkulazio sistema osoarena arriskuan jartzen duen gaixotasunetako bat. Eta are garrantzitsuagoa da Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) egindako kalkuluak gogoan hartzen badira: erakunde horren esanetan, hemendik 2030. urtera, ia 24 milioi lagun hilko dira bihotz-hodietako gaixotasunen eraginez, batez ere kardiopatiengatik eta garun-hodietako istripuengatik.

EROSKI CONSUMERek bihotz-hodietako gaixotasunak aztertu nahi izan ditu. Horretarako, analisi dokumentala egin du gaitz horiek Espainiako Estatuan zer-nolako prebalentzia duten jakiteko eta arrisku faktoreen berri izateko ere bai (arriskupean egon daitezkeen pertsonen soslaia zein den zehazte aldera).

Iturri bat baino gehiago erabili dira analisi hori egiteko: OME, Bihotzaren Mundu Federazioa, Espainiako Estatistika Institutua (INE), Espainiako Kardiologia Elkartea (SEC), Espainiako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioa, Bihotzaren Espainiako Fundazioa (FEC) eta Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentzia (AECOSAN).

 

Heriotza arrazoi nagusia

Espainiako Estatuan, 2014. urtean guztira 395.830 lagun hil ziren, INEk emandako datuen arabera. Heriotza horietako hamarretik hiru zirkulazio sistemako gaixotasunen erruz gertatu ziren (bihotzak, arteriek, zainek, kapilarrek eta odolak osatzen dute sistema hori). Eta horrek esan nahi du heriotza gehien eragiten duen arrazoia dela gaixotasun mota hori, tumoreen eta arnasketa sistemako gaixotasunen aurretik: 253 lagun hiltzen ditu 100.000 biztanle bakoitzeko (117.393 pertsona guztira).

Zirkulazio sistemako gaixotasunen eraginez gertatzen diren heriotzak %5 murriztu dira hamarkada batean, baina 2013 eta 2014 artean ez da ikusi joera aldaketarik (%0,1 baino ez da murriztu).

Sexuka, emakumeei gehiago erasaten die gaixotasun mota horrek gizonei baino. Hilkortasun tasa gordina 270ekoa da emakumeetan 100.000 herritar bakoitzeko eta 235ekoa gizonetan. Eta, adinka, 79 urtetik gorakoei eragin zieten gehien zirkulazio sistemako gaitzek (hildako guztien %35 izan ziren).

Era berean, zirkulazio sistemako gaixotasunak izan ziren heriotza arrazoi nagusiak autonomia erkidego guztietan (salbu eta Kanarietan, Kantabrian, Katalunian, Madrilgo Erkidegoan, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan, non tumoreak izan ziren). Erkidego guztiak hartuta, heriotza guztien %24 eragin zituzten. Guztien gainetik nabarmentzen dira Andaluzia, Aragoi, Asturias, Valentziako Erkidegoa, Extremadura, Galizia, Errioxa, eta Ceuta eta Melillako hiri autonomoak, non heriotza guztien %30 baino gehiago eragin zituzten.

Heriotza tasa gordinik handienak, dena den, hiru erkidego hauetan agertu ziren 2014. urtean: Asturias (386 pertsona 100.000 biztanle bakoitzeko), Galizia (350 pertsona) eta Gaztela eta Leon (333 pertsona).

CONSUMER

SUBIR