GARUNAK ATSEDENEAN OROITZAPENAK ERREPIKATU ETA LEKUZ ALDATZEN DITU

/ / Noticias

 

University College London-eko ikerketa baten arabera, ekintza bat egin eta ondoren atseden hartzen dugunean, garunean oroitzapenak errepikatu egiten dira eta jarraian garuneko beste gune batera transferitzen dira.

Ikerketaren emaitzek erakusten dute bizitako esperientziak garunean errepikatzea garrantzitsua izan daitekeela oroimena sendotu eta etorkizunean oroitzapenak modu azkarrean berreskuratu ahal izateko, baina garunean nolabaiteko berrantolaketa eskatzen duela.

 

garunak-atsedenean-oroitzapenak-errepikatu-eta-lek

 

Ikerketa egiteko 6 arratoi jarri zituzten 30 minutuz pista batean korrika, eta gero, 90 minutuz atseden hartzen egon ziren. Lo ziren bitartean, ikertzaileek haien garunaren aktibitatea aztertu zuten, eta ikusi zuten arratoiek haien korrika-saioa errepikatzen zutela hipokanpoan –oroitzapenak sortzen diren gunean–, berez egin zutena baino 10-20 aldiz azkarrago. Eta errepikapen hori bera garunaren beste gune batean gertatzen zela 10 milisegundu geroago, garun-azal entorrinalean. Alegia, nolabait, oroitzapenak bigarren gune batetara tansferitzen zirela.

Hipokanpoak etengabe jasotzen du informazioa, baina badirudi ezin duela dena gorde. Hortaz, oroitzapen garrantzitsuak errepikatzen ditu eta garun-azal entorrinalera eramaten ditu, han gorde daitezen eta, behar dituenean, azkar berreskuratu ahal izan ditzan.

Hain zuzen ere, hori da alzheimer gaixotasuna dutenei aurrena kaltetzen zaien garuneko guneetako bat, eta justu gertatu berri dena gogoratzea dute zailtasun nagusia –nahiz eta haurtzaroko oroitzapenak erraz gogora ditzaketen–. Hortaz, alzheimerra eta bestelako gaitz amnesikoak ulertzeko gakoa izan daiteke fenomeno hori sakon aztertzea.

ELHUYAR ZIENTZIA

SUBIR