ORAIN DELA HOGEI URTE BAINO DENBORA GUTXIAGO DAUKAGU AISIALDIRAKO

/ / Noticias
  • Lanean ere denbora gutxiago igarotzen dugu. Gehiego ematen diegu, berriz, joan-etorriei eta zaintzari

 

Denboraren erabilera aztertzea oso baliagarria da aldaketa sozialak ezagutzeko. Horretarako balio du, alegia, Eustat Euskal Estatistikaren Erakundeak formatu elektronikoak argitaratu berri duen ‘Bi hamarkadako gizarte-aldaketa Euskal AEn denboraren erabileraren bitartez. Denbora-Aurrekontuen Inkesta, 1993-2013’ lanak.

Eustatek jakinarazi duenez, azken bi hamarkadetako gizarte aldaketa nagusien analisia eskaini nahi da, erakundeak 1993-2013 aldian bost urtero egindako denbora aurrekontuen inkestetako datuak aztertu ondoren. Horrela, hainbat datu interesgarri bildu ditu, hala nola 2013an EAEko hiritar batek 11 ordu eta 56 minutu pasatzen zituela batez beste egun batez behar fisiologikoetan eta norbera zaintzen, 1993an baino 31 minutu gehiago; lan ordainduan/prestakuntzan 2 ordu eta 48 minutu, 1993an baino 21 minutu gutxiago; edota gizarte bizitzan 44 minutu, orain bi hamakada baino 26 minutu gutxiago.

Aisian, bai aktiboan, bai pasiboan, 4 ordu eta 26 minutu igarotzen ditu orain EAEko biztale bakoitzak, duela bi hamarkada baino 26 minutu gutxiago; joan-etorrietan ordubete eta 13 minutu, 15 minutu gehiago; etxeko lanetan 2 ordu eta 24 minutu, 16 gutxiago; eta etxeko beste pertsonak zaintzen 29 minutu, 10 gehiago.

Denbora aurrekontuen inkestak xehetasunez esaten du egunerokotasunean biztanleek zertan pasatzen duten denbora, jarduera bakoitzean zenbat. Inkestako datuak ustiatuz, banakoek nahiz talde sozialek hainbat jardueratan ematen duten denbora jakin ahal izan da, betiere adinaren, generoaren, laneko egoeraren, ikasketen edo lurraldearen aldagaien arabera.

Eguneroko jarduerak zenbait epigrafetan multzokatu dira: behar fisiologikoak (lo egitea, jatea eta norbera zaintzea batik bat); lan ordaindua eta prestakuntza; etxeko lana; etxeko lagunak zaintzea; aisialdi aktiboa eta pasiboa; joan-etorriak.

Argitalpenean erakutsi nahi izan da krisialdiak zenbateraino eragin dion euskal gizarteari denboraren erabileran. Gainera, jorratu gabeko gai arloak ekarri dira oraingoan, esaterako, elikadura ohiturak, lo egitekoak eta nazioarteko konparazio azterketa.

Monografikoa unibertsitateko analisten eta Eustaten lankidetzaren ondorioa da, eta parte hartzaile nagusiak, EHU, Madrilgo Unibertsitate Konplutensea, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa, Matía Fundazioa eta DESTATIS (Alemaniako Estatistika Institutua) izan dira.

SUBIR