SEKRETU AITORREZINAK, HOBE KATUARI

/ / Noticias
  • Oso estua eta emozioetan oinarritua omen da kasurik gehienetan katu-jabeen eta animalia horien artean sortzen den harremana.

 

Gizakiaren eta bere kasa ibiltzea gustuko duen katuaren artean sortzen den lotura deigarria da, katurik ez daukanaren ikuspegitik batik bat. Affinity Fundazioak zabaldu berri duen ikerketa baten arabera, bereziki estua da katu-jabearen eta maskotaren harteko harremana, emozioetan oinarritua eta afektibotasun karga handia duena. Horrela, katua duten ia denek animaliak egiten dien konpainia eskertzen dute bereziki (%87), eta gehienek diote behar dutenean hor dagoela beti, zain (%67). Katuak ez dira, beraz, askok uste bezain independente eta zakarrak. Izan ere, katua duten askok -hamarretik seik, ikerketaren arabera- adierazi dute katuarekin partekatzen dituztela beste inori kontatzen ez dizkioten sekretuak.

Espainiar estatuan 3,9 milioi katu daude erregistratuta. Horrek esan nahi du ehun etxetatik 12k dutela gutxienez katu bat. Deigarria da, bestalde, zenbatek dauzkaten kalean aurkitutako katuak, laurden bat horrela iritsi baita jabeen etxera. Opari gisara jaso dute katua %34k, adoptatu egin dute %11k eta erosi, berriz, %17k. Affinity Fundazioak emandako datuen arabera, etxeetan bizi diren katuen %59 esterilizatuta daude, eta %34k dauka txipa. Bi datu horiek garrantzitsuak direla azpimarratu dute, lotura zuzena baitute animaliak abandonatzearekin.

 

Katuen defentsan

Fundazioko zuzendari Isabel Builek Europa Press agentziari esan dionez, ikerketa egin dute «katuen alde onak eta pertsonentzat dituzten onurak nabarmentzeko. Estigmatizatuak izan dira askotan katuak, eta errealitatearekin bat ez datozen ezaugarri negatiboak esleitu izan zaizkie».

Dena den, katu-jabe guztiek ez dute harreman bera maskotarekin. Harreman-motaren arabera, bi multzotak sailkatu dituzte jabeak. Batetik daude ‘pragmatikoak’ (%35) eta bestetik ’emozionalak’ (%65). Emozionalak maitekorragoak dira, eta haientzat katua laguntza handia da, adiskide baten parekoa. Pragmatikoak, berriz, gustura daude katuarekin, baina errazago ikusten dituzte alde txarrak -katua mantentzeak duen kostua, esaterako-, eta ez dute uste ikuspegi emozionaletik onura handirik ekartzen dienik katu baten jabe izateak.

Agian, gehienek aitortzen duten lotura emozional horretan izango dute zerikusia katuen eta gizakien garunen arteko antzekotasunek. Izan ere, emozioei emandako gune berak dituzte espezie biek. Hortik aurrera, akabo antzekotasunak. Gaitasun fisikoei dagokienez, adibidez, baldar hutsa da gizakia katuaren aldean. Katuaren gorputzak 500 bat gihar ditu, gizakiarenak baino ia 200 gutxiago, baina makina miresgarria da bizkortasun, oreka, potentzia eta azkartasunaren aldetik. Zentzumenak ere bereziki garatuak dituzte etxekotutako felidook. Katu baten sudur-hodiek 19 milioi nerbio-bukaera dituzte, eta gizaki batenek 5 milioi baino ez. Ulergarria da, beraz, usaimen horren fina izatea eta, horrenbestez, usainekiko sentsibilitate izugarria garatu izana.

Gustuak ere badituzte usainei dagokienez: ez zaie batere gustatzen tipula- eta ozpin-usaina. Hala ere, gogoko ez dituzten usainekin zigortzea alferrik da. Katuek, alegia, ez omen dituzte zigorrak ulertzen. Sariak, berriz, bai. Katua etengabe bere burua garbitzen ibiltzeak ere, batez ere zerbait jan duenean, usaimenarekin du zerikusia. Ez da denborapasa soila, animalia basatia zenean ezinbestekoa zuen bizirik irauteko senaren herentzia baizik. Hain zuzen ere, libre bizi zirenenean usainaren bitartez lokalizatzen eta harrapatzen zituzten depredatzaileek, eta horren beldur dira oraindik, gaur egun etxe gehienetan duten arrisku larriena plater beteegia, kalefakzio altuegia edo besarkada estuegia badira ere.

SUBIR