Berdeguneetatik hurbil bizitzeak menopausia atzeratzen du
Azterketan, 1.955 emakumeren datuak bildu dituzte, 20 urte baino gehiagoz. Urte horietan, bizi-ohiturei eta osasun-egoerari buruzko galdetegiak betetzeaz gain, odol-analisiak egin zitzaizkien, eta haien bizilekuetako berdeguneak neurtu zituzten.
Ikertzaileek azaldu dutenez, menopausia hasteko adinean genetikak eta bizi-ohiturek eragiten dute, hala nola tabakoa erretzeak, obesitateak, jarduera fisikoak, eta aho bidezko antisorgailuak. Berdeguneek era batera baino gehiagotara eragin dezaketela uste dute, eta horietako bat kortisolarekin lotuta dago.
Hain zuzen, estresak odoleko kortisol-kontzentrazioa igoarazten du, eta berdeguneek, berriz, jaitsi. Kortisol-maila baxua estradiol-maila altuarekin erlazionatuta dago, eta estradiol-kontzentrazio altua izateak atzeratu egiten du menopausiaren hasiera.
Horrekin batera, berdeguneek depresioa eta buruko beste patologia batzuk izateko arriskua txikitzen dute; eta horrek ere menopausia atzeratzen laguntzen du.
Ikertzaileek espero dute azterketa lagungarria izatea hiri osasungarriak planifikatzeko.
Recent Comments