Hizkuntzak ikastea, atzerrira joateko arrazoi nagusia

/ / Noticias
  • Gazteen Euskal Behatokiaren datuen arabera, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %31ek bizi izan dute esperientzia hori.

 

Gazteen Euskal Behatokiak 2016an eginiko inkesta baten emaitzak markatzen duen arabera Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %22,6 atzerrira joan dira noizbait hizkuntzak ikastera edota hobetzera. Gainera %14,4 ikasteko edo eskolako edo unibertsitateko ikasle-trukeetan parte hartzeko irten dira atzerrira. %5,9k ikasketa-praktikak edo ikerketaren bat egin dituzte kanpoan. Azkenik, %4,6k esan dute boluntario edo garapenerako lankide gisa lan egin dutela kanpoan edo atzerrian izandako auzolandegietan parte hartu dutela.

«Aurreko edozein arrazoi dela-eta, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %31,6k horrelako eskarmenturen bat izan dute atzerrian, ia hiru gaztetik bat» irakurketa egiten du Ander Añibarro, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Gazteria Saileko Zuzendariak.

Arrazoia hizkuntzak ikastea edo hobetzea denean, ikus dezakegu emakume gazte gehiago joan direla atzerrira, gizon gazteak baino (%25,0 eta %20,2 hurrenez hurren); ikasteko edota eskolako edo unibertsitateko ikasle-trukeetan parte hartzeko bada, emakumeek berriro dituzte gizonek baino portzentaje handixeagoak (%16,5 emakume gazteen artean eta %12,3 gizon gazteen artean); bai eta asmoa boluntario-lanak egitea edo auzolandegietan parte hartzea denean ere (emakumeen %5,7 eta gizonen %3,7).

 

 

Hizkuntzak ikasteko edo hobetzeko bada, gehiago bidaiatzen dute neskek mutilek baino.

Hizkuntzak ikasteko edo hobetzeko bada, gehiago bidaiatzen dute neskek mutilek baino. / REUTERS

 

 

25 urtetik beherako gazteek adin horretatik gorakoek baino eskarmentu handiagoa dute atzerrira joaten helburua hauetako bat denean: hizkuntzak ikastea edo hobetzea, edo ikastea edo eskolako edo unibertsitateko ikasle-trukeetan parte hartzea. Adinak gora egin ahala gehiago dira atzerrira ikasketa-praktikak egitera edo ikertzera joan direnak, bai eta lan egitera irten direnak ere. Boluntario-lanak egitera, garapenerako lankidetza egitera edo auzolandegietan parte hartzera joan direnen portzentajeak txikiak badira ere, nabarmenagoak dira 20 urtetik gorakoen artean, adin hori bete gabe dutenen artean baino.

Zenbat eta ikasketa-maila altuagoa izan, orduan eta handiagoa da atzerrira joandako gazteen portzentajea; eta joera hori aipatutako arrazoi guztiak aztertzean ikusten da.

Gazteek beren burua kokatzen duten gizarte-mailak ere aldeak ezartzen ditu. Beren burua goi-mailan edo maila ertain-altuan kokatzen dutenak dira ondoko arrazoiengatik gehien irtendakoak: hizkuntzak ikasteko edo hobetzeko (%41,8), ikasteko edo eskolako edo unibertsitateko ikasle-trukeetan parte hartzeko (%31,1), ikasketa-praktikak egiteko edo ikertzeko (%11,5), bai eta boluntario edo garapenerako lankide gisa lan egiteko edo auzolandegietan parte hartzeko ere (%9,3).

Datu hauek Gazteen Euskal Behatokiak 2016an eginiko inkesta baten emaitzak dira. Inkesta horretan Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen lagin adierazgarria elkarrizketatu zen. Lagin hori 1500 gaztek osatu zuten eta inkestan gai honi eta beste hainbat gairi buruz galdetu zitzaien. Hemen aurkeztu ditugun datuak ‘Euskadiko gazteak 2016’ izenburuarekin argitaratuko den ikerketaren aurrerapen-datu batzuk dira. Ikerketa hori Gazteen Euskal Behatokiak lau urtean behin burutzen duen bildumaren bostgarrena izango da eta bertan, aurrekoetan bezala, 30 urtetik beherako gazteen baloreak, jarrerak, iritziak eta portaerak aztertuko dira.

 

DIARIO VASCO

SUBIR