Ze komeni zaigun esaten digun analitika

/ / Noticias
  • AZTIren partaidetzaz Donostian sortu den enpresa batek osasuntsu bizitzeko dieta pertsonalizatuak prestatzen ditu, odol-analisi aurreratu baten bidez.

 

Gure ohiturak ez datoz beti bat osasunaren ikuspegitik komeni zaigunarekin.

 

Osasunerako giltzetako bat elikadura da. Bat datoz horretan aditu gehienak, eta nork bere gorputzari ere antzematen dio jaten eta edaten duenaren eragina. Denak, ordea, ez gara berdinak. Behar diferenteak ditugu, eta gorputzek janariekiko dituzten erantzun eta erreakzioak ere desberdinak dira. Ez dago, beraz, guztiontzat balio duen formularik, eta ebidentzia horren inguruan analisi, azterketa, dieta eta hipotesi ugari sortu dira. Zenbaiten atzean iruzurra baino ez dago, baina badira serioak, oinarri zientifikoa dutenak, eta horien artean kokatu beharko litzateke Lipigenia enpresa gipuzkoarraren ekimena. Egoitza Donostian duen enpresa AZTI, CNR-ISOT konpainia italiarra eta Intermedia Solutions Worldwide-en arteko aliantzatik sortu da, AZTI-Teknaliak ohar baten bidez jakinarazi duenez, eta egiten duena da abangoardiako odol-analisi baten bidez esan zer jan behar duen pertsona aztertuak, zein proportziotan eta nola, osasuntsu bizitzeko.

 

Horren guztiaren oinarrian dagoen prozedura ‘mintzaren lipidomika’ da, eta zelula-mintzaren gantz-azidoen profilaren azterketan datza. Horren arabera finkatzen dute zeintzu elikagai komeni zaizkion pertsona bakoitzari, eta zein diren proportzio zuzenak bizitza-kalitate ahalik eta handiena bermatzeko. Espainiar estatuan Lipigenia da, oharrak azpimarratzen duenez, analitika hori eskaintzeko homologatua dagoen enpresa bakarra.

 

Hamabost egunetan

Biologiaren ataletako bat da lipidomika, eta horren ekarpen nagusietako bat izan da elikaduraren eta dietek eragindako alterazio metabolikoen arteko lotura zuzena finkatzea. Lipidoak zelulen metabolismoa arautzen duten molekula biologikoen artean daude eta, horrenbestez, zelula-mintzaren lipidomikak giza metabolismoa aztertzea ez ezik elikaduraren eta zelulen egoeraren arteko korrelazioa finkatzen du. Ezagutza horrek ahalbidetzen du pertsonen egoeran onerako eragitea, elikadura baliatuz.

 

Funtsean, odol lagin bat baino ez da behar. Zehazki, globulu gorri helduak (120 egunekoak) aztertzen dituzte, horiek baitute gure zelulen inguruko informaziorik osoena. CNR-ISOFeko Carla Ferreri doktoreak garatutako metodologiaren bidez, analisiaren emaitzak MUI (Membran Unbalance Index ingelesez, mintzaren desoreka-indizea edo…) izeneko indize baten arabera interpreta daitezke. Indize horrek erakusten du zein den pertsona baten oreka edo desoreka puntua, eta adierazten du nola zuzendu daitekeen egoera hori, zuzenketa beharrik badu, elikaduraren bidez. Beharrik izatekotan, zein osagai hartu behar diren ere esaten du. Odola ateratzen denetik txostena jasotzen denera hamabost bat egun baino ez dira igarotzen. Oharrean argitzen dutenez, partikularrek ez ezik osasunaren profesionalek ere balia dezakete aukera.

 

Teknika hau erabilita elikaduraren inguruko ohitura egokiak finkatzeak arlo askotan omen du aplikazioa. Garrantzitsua da prebentzioan, eta arrisku faktoreak (hipertentsioa, obesitatea, gehiegizko pisua, diabetesa…) dituzten pertsonen kasuan bereziki inportantea izan daiteke gaixotasuna ekiditeko edo, gutxienez, atzeratzeko eta kontrolatzeko. Zahartzeari atxikitako arazoak ere arindu daitezke norberaren neurrira egokitutako elikaduraren bidez, eta organismoak zenbait eritasunen aurrean duen erantzuna ere hobetzen du. Aliantza honen helburuetako bat da, hain zuzen, elikagai eta osagai espezifikoak sortzea zenbait talde zehatzentzat, errazagoa izan dadin haien beharretara egokitutako dieta prestatzea eta jarraitzea.

 

Une honetan, minbizia, diabetesa, obesitatea, Alzheimerra eta beste dira profil bereziak egiteko begiz jota dauzkaten gaitzak, biomedikuntzaren beste lerro batzuetan lanean ari diren beste talde batzuekin lankidetzan betiere.

 

AZTIk azpimarratu du Lipigeniaren sorrera «Eusko Jaurlaritzak diseinatutako RIS3 espezializazio adimenduneko estrategiaren bidez lortzen ari diren emaitzen adibide» dela, eta erakusten duela halaber elikaduraren aldeko apustua egokia izan dela, «jarduera ekonomiko berria eta kalitatezko enplegua sortzeko gaitasun handia duen dibertsifikazio eta aukera arloa» baita. Hain zuzen ere, elikaduraren inguruko zientzia eta teknologia planak identifikatzen dituen lehentasunen artean daude dieta pertsonalizatuak, eta bistan da apustu hori hasi dela lehen fruituak ematen.

 

DIARIO VASCO

SUBIR