Emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna, Eslovenian gertuen

/ / Noticias
  • Herrialde bakar batean ere ez da oraindik lortu Nazio Batuen Erakundeak garapen jasangarrirako ezinbestekotzat jo duen generoen arteko berdintasuna.

Nazio Batuen Erakundeak erabaki zuen, 1975ean, martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguna izango zela, eta Nazio Batuen Erakundeak jarraitzen du egunaren deialdi globala egiten. Aurten, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren baitan kokatu du bete-betean, azpimarratzeko genero-desberdintasuna ez dela emakumeen arazoa, jendarte osoaren etorkizunerako giltza baizik.

Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira NBE Emakumeak-en Zuzendari Exekutibo Phumzile Mlambo-Ngcuka hegoafrikarrak zabaldu duen mezuak dio, hain zuzen, emakumeen eta gizonezkoen arteko genero arrailak orain bezain zabala izaten jarraitzen badu, garapena ez dela, inondik ere, jasangarria izango Horrenbestez, azaldu du, ezinezkoa izango da Nazio Batuen Batzar Orokorrak iazko irailean onartu zuen Agendaren helburu nagusia betetzea. Garapena jasangarria izango bada, alegia, ezinbestekoa da emakumeen eta gizonezkoen arteko desberdintasunak murriztea.

«Agenda berri horren helburu zehatzetako bat generoen arteko berdintasunera iristea da, eta horrek eskatzen du emakumeen eta nesken aurkako biolentzia eta diskriminazioa deuseztatzea zein adin guztietako emakumeei bermatzea, bizitzaren alor guztietan, parte hartzeko eta jarduteko aukera berdinak», adierazi du Mlambo-Ngcukak.

Edonola ere, ohikoa desberdintasuna izanik, desberdinagoak dira emakumeak eta gizonezkoak herrialde batzuetan beste batzuetan baino, eta berariazko indizea dute Nazio Batuek desberdintasun mota zehatz hori neurtzeko. HDP (Human Development Index) adierazlea osatzeko darabilten metodologia bera baliatuz kalkulatzen dute alegia generoari atxikitako desberdintasuna. Generoa eta garapena lotzen dituen Gender Development Index (DGI) eragiketan egiten duten bezala, generoaren araberako desberdintasuna islatzen duen indizeak (Gender Inequality Index (GII), ingelesez), zehazki, emakumeen egoerari bereziki eragiten dioten faktoreak hartzen ditu aintzat: ugalketa-osasuna (erditzean hiltzen diren emakumeak edota amatasun goiztiarra), ahalduntzea (erabakiak hartzen dituzten organoetan duten presentzia) eta egoera ekonomikoa (lanaren merkatuan duten esku-hartzea).

Emakumeen eguneroko bizitzan garrantzi handia duten beste zenbait faktore kontuan hartzen ez dituen neurrian, mugatua da, baina oso adierazgarria hala ere. Nolabait esateko, emakumeek emakume izateagatik ‘galtzen’ duten ‘garapen-zatia’ kalkulatzen du, desberdintasun indizea 0 eta 1 artean kokatzen duela. 0tik hurbilago, orduan eta berdinago. 1etik gertuago, orduan eta handiagoa generoen arteko desberdintasuna. Horren arabera egiten dute sailkapena.

Lehen postuan, Eslovenia

Orokorrean, giza garapen maila altuko herrialdeetan daude hurbilen gizonezkoak eta emakumeak. Generoari erreparatu gabeko desberdintasuna ere murriztuz doa herrialdeak garapen maila orokorrean gora egin ahala. Salbuespenak salbuespen, garatuagoa herrialdea, orduan eta txikiagoak ‘goikoen’ eta ‘behekoen’ arteko diferentziak, generoko ikuspegia erabilita edo erabili gabe.

Betetzen diren lege guztiak bezala, garapen maila eta desberdintasuna alderantzizko proportzioan lotzen dituen honek ere baditu salbuespen eta ezustekoak, eta deigarrienetakoa zerrendaren buruan dagoen herrialdea da, Eslovenia. Izan ere, 0,016ko indizearekin, generoen arteko berdintasunetik hurbilen dagoen herrialdea da, NBEak iaz zabaldu zituen 2014ko datuen arabera. Garapen mailari dagokion sailkapenenean, ordea, 25 postuan dago.

Izan ere, giza garapen indize altuena duen herrialdea, Norvegia, genero desberditasunari dagokionez 9. postuan dago. Legokiokeena baino apalagoa ematen du. Askoz ere deigarriagoa da, dena den, Australiaren kasua: garapen indizearen araberako sailkapenean bigarren bada ere, generoen arteko desberdintasuna neurtzen duenean 19. posturaino erortzen da. Beste horrenbeste esan daiteke Estatu Batuei, Kanadari eta Zeelanda Berriari dagokienez: oso goian daude garapen indizean, baina horren arabera dagokiena baino dezente beherago genero-desberdintasunaren sailkapenean. Irlanda eta Erresuma Batua ere antzeko egoeran daude.

Europako beste herrialde batzuetan, Eslovenian bezala, kontrakoa gertatzen da: hobeto daude generoen arteko desberdintasunari dagokionez garapen orokorra neurtzen duen sailkapenean baino. Frantzia eta Espainia multzo horretan daude. Hurrenez hurren 22. eta 26. dira giza garapena islatzen duen sailkapenean; genero-desberdintasunarenean, berriz, 13. eta 16.

Oro har, sailkapenari erreparatuta argi dago, arazoak arazo, Europa dela emakume izateko kontinenterik onena. Izan ere, berdintasunaren bidean aurreratuena Eslovenia bada, bigarren postuan Suitza dago, Alemania da hirugarren, Danimarka laugarren eta Austria bosgarren. Hamarrera bitarteko postuetan ere Europako herrialdeak daude: Suedia da seigarren, Herbehereak zazpigarren, Beljika zortzigarren, Norvegia bederatzigarren eta Italia hamargarren. Europaz kanpoko lehen herrialdea, 13. postuan, Singapur da.

Esan daiteke, dena den, Europa aberatsean ari direla hurbiltzen gizonezkoak eta emakumeak, nahiz eta aldeak oraindik handiak diren, batez ere eragiketa horretan neurtzen ez diren parametroak (soldatak, generoari atxikitako biolentzia…) aintzat hartzen badira. Balkanetako eta Europa Ekialdeko hainbat herrialdetan nahiko desberdina da egoera. Giza garapen indizea islatzen duen zerrendan bezalatsu, genero-desberdintasunarenean ere postu atzeratu samarretan daude: 33.ean Estonia eta Eslovakia (indize bera dute), 37.ean Montenegro, 41.ean Bosnia, 42.ean Hungaria, 52.ean Errusia, 64.ean Errumania…

Egoera okerrena, Afrikan

Zerrendaren azkeneko postuetan ere bada ezustekorik. Izan ere, han-hemenka ikusten diren ’emakumena izateko herrialderik okerrenak’ eta horrelako sailkapenetan herrialde islamdarrak agertu ohi dira nagusiki lehen postuetan. Genero-desberdintasunarekin ez ezik garapen mailarekin eta pobreziarekin ere zerikusi zuzena duen NBEren sailkapen honek, baina, erakusten du Afrikako emakumeek jasaten dituztela modurik bortitzenean emakume izatearen ondorio latzenak.

Sailkapenaren azken postuan -desberdinasun maila handiena den herrialdea da, alegia- Yemen dago. Eslovenia, 0,016ko indizearekin, berdintasunaren adierazletzat jo den 0tik hurbil badago, Yemen, 0,744ko indizearekin, desberdintasunaren espresio nagusia den 1 horretatik gertuen dagoen herrialdea da.

Baina Yemen eta laugarren postuan aurki daitekeen Afghanistan kenduta, zerrendako hamar postuetan dauden gainerako herrialde denak Afrikan daude, zazpigarren postua duen Tonga izan ezik. Yemenen ondotik bigarrena Niger da, hirugarrena Txad, bosgarrena Boli Kosta, seigarrena Kongoko Errepublika Demokratikoa, zortzigarrena Afrika Erdialdeko Errepublika, bederatzigarrena Liberia eta hamargarrena Sierra Leona. Munduko herrialde pobreenak, alegia. Pobreziaren eta desberdintasunaren arteko zalantzarik balego, berehala uxatzen ditu NBEaren ariketak.

Hala ere, zerrendaren atzeko aldean, aurrekoan bezala, bada ezustekorik. Ruanda eta Myanmar dira sorpresa nagusiak. Ruanda, hain zuzen, 163. herrialdea da giza garapen orokorrari dagokionez, baina 80. postuan dago desberdintasunarenean; Argentinak duen postutik hurbil; Peruren paretsu; Brasil, Nikaragua edota Guatemala baino dezente hobeto, adibide adierazgarriak jartzeagatik.

Orain dela hogei urteko genozidioaren ondoren, hain zuzen, emakumeek berreraiki zuten Ruanda neurri handi batean, eta gaur egun gehiengoa dira Parlamentuan. Hori gertatzen den munduko herrialde bakarra da. Konstituzioak Parlamentuko aulkien %30 emakumeei gordetzen dien bakarretakoa ere bai seguruenik. Hala eta guztiz ere, nahiz eta argi utzi duen Ruandak nahi bada ahal dela, pobre izan edo aberats, itzal handiak ditu panoramak, hizpide dugun sailkapenaren mugan agerian uzten dituztenak. Izan ere, Afrikako indarkeria matxista indize altuenak ditu Ruandak, eta hamar emakumetik lauk eraso fisikoak jasan dituztela diote. Myanmarri dagokionez, giza garapen indizean 148. postuan egon arren, 85.ean dago generoen arteko berdintasunari dagokionean.

Zerrendan bada, bide batez, bikote bitxi bat: Iranek eta Venezuelak osatzen dutena. Bata bestearen atzetik daude giza garapenari dagokion sailkapenean, 69. eta 71. hurrenez hurren (70.ik ez dago, berdinketa tarteko bikoitza baita 69. postua), eta desberdintasuna islatzen duen zerrendan ere ez daude elkarrengandik urrun: 114. postuan dago Iran, 103.ean Venezuela.

SUBIR