Zelulak birprogramatuz zahartzea moteldu dute saguetan

/ / Noticias

Sagu helduetan zelulak birprogramatuz zahartzea moteltzea eta bizitza luzatzea lortu dute Kaliforniako Salk Institutuko ikertzaileek. Zelulak partzialki birprogramatuta genomako marka epigenetikoetan eragin dute, eta gakoa hor dagoela uste dute ikertzaileek. Cell aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

 

Zahartze goiztiarra eragiten duen mutazio bat duten saguak erabili dituzte ikerketan. Haien zelulak birprogramatzean zahartzearekin lotutako hainbat ezaugarri hobetu ziren, eta batez besteko bizialdia 18 astetik 24ra igo zen. “Ez dugu zahartze goiztiarra eragiten duen mutazioa zuzendu –argitu du ikerketa zuzendu duen Juan Carlos Izpisua Belmonte ikertzaileak–, epigenoma aldatuz eragin dugu zahartzean. Horrek iradokitzen du zahartzea prozesu plastikoa dela”.

 

zelulak-birprogramatuz-zahartzea-moteldu-dute-sagu

 

Lehenengo aldia da zelulak birprogramatuz animalia baten bizitza luzatzea lortzen dena. Aurreko saiakeretan, saguak berehala hiltzen ziren, edo tumoreak garatzen zituzten. Oraingoan, zelulak partzialki birprogramatu dituzte.

 

Zelula helduak birprogramatzeko Yamanakaren faktore izeneko lau faktore genetiko espresarazten dira zeluletan. Faktore horiek 2 edo 3 astez espresarazita, zelula helduak guztiz birprogramatzen dira, eta pluripotente bihurtzen dira. Kasu honetan, ordea, 2-4 egunez bakarrik espresarazi dituzte. Horrela, zelulak ez dira pluripotente bihurtzen, zelula heldu izaten jarraitzen dute, baina ikusi dute DNAn pilatutako kalteak murriztu egiten direla, eta egitura nuklearra leheneratzen dela. Izpisuaren esanean “aldaketa horiek zelulen leheneratze epigenetikoaren ondorioa dira”.

 

Marka epigenetikoek genomaren adierazpena erregulatzen dute. Eta ingurunearen eraginez aldatuz doaz denboran zehar. Bizitzan zehar gehitu, kendu eta eraldatu egiten dira markak, eta, ikerketa honek iradokitzen duenez, aldaketa horiek eragin zuzena izan dezakete zahartzean.

 

Ikertzaileek saguen zelula guztiak birprogramatu zituzten partzialki, eta hainbat organotan antzeman zituzten hobekuntzak. Esaterako, bare, giltzurrun, urdail eta azaleko zelulen itxura nabarmen hobetu zela ikusi zuten, mikroskopioz begiratuta. Eta sagu horietan askotan huts egiten duen zirkulazio-aparatuaren egitura eta funtzioa ere hobetu ziren.

 

Ikertzaileek aitortzen dute zaila dela jakitea zehazki zergatik luzatzen den saguen bizitza, baina ikusi dutena da birprogramatze partzialak aldaketa epigenetikoak eragiten dituela, eta horrek hobekuntzak ekartzen dituela zelula eta organismo mailan. “Orain, atzera bueltatu eta esploratu behar dugu zein marka diren aldatzen direnak, eta beraz, zein diren zahartzean eragina dutenak”, dio Izpisuak.

 

Elhuyar Zientzia

 

SUBIR